XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OLENTZERO, ERREGEAK, BAHIKETA ETA EUSKARA

Olentzero baino apainagoak dira Erregeak, jakina, baina baita Olentzero bezain ipuin ere.

Ez baitakigu ez zenbat ziren, ez errege, ez azti eta ez astrologo ziren.

Ez dakigu bakarrik etorri ziren edo beren andreekin. Beren emazteekin etorri baziren, berriz, errege-erreginak esan beharko genieke euskaraz.

Dena den, umeei bost axola honelako zehaztasunak.

Alderantziz, zenbat eta zehazgabeagoak, zenbat ezezagunagoak, zenbat eta urrunagokoak, zenbat eta misteriotsuagoak, orduan eta irudimenarentzat eta ametsarentzat leku gehiago, orduan eta liluragarriagoak eta sinesgarriagoak.

Baina gaurko umeentzat erregeak baino ezezagunagoa, bitxiagoa eta harrigarriagoa gerta daiteke ikazkin bat.

Dena den, ez dute biak maitatzeko eragozpenik.

Nola batak hala besteak opariak eta jostailuak ekartzen dituzten bitartean, behintzat.

UAk bakarrik ditu eragozpenak. Baina bere eragozpena Olentzeroren mesedetan da, zorionez.

Batzuei min eman die Olentzero gizajoa honela egurtzeak.

Makilarekin horrela aurrean bidaltzen dutena ez dela edonor iruditu zaie besteei.

UAri esker ezagunagoa eta maiteagoa bihurtu da Olentzero. Inork ukatuko ote dit hori? Ez dut uste.

Hori garbi ikusten badugu, gure zenbait jokabideren ondorioak ere garbi ikusi beharko genituzke.

Euskararen ingurukoak, batez ere.

Esate baterako, egunotan ahotan erabili den adibidea: euskara irakasteko erabili omen den bahiketaren asmakizuna. Xanoa izan behar da horrelako ariketa batek etsaiari ematen dion gozamenaz eta atarramenduaz ez ohartzeko.

Munduko hizkuntzarik garbiena izatera behartu nahi izan genuen euskara garai batean.

Hurrengoaz, berriz, hizkuntzarik biraolariena, borrokalariena eta iraultzaileena izatera.

Orain, zorionez, edozein hizkuntzari eskatzen zaiona bakarrik eskatzen hasiak gara.

Freire eta bere miresleak izkutatuxeak dira. Baita Mao eta kulturako bere iraultza ere.

Oraindik, jakina, badira, han eta hemen, etsi ez dutenak: edozein euskategitan bezalaxe, edozein eskola eta Unibertsitateko fakultatetan.

Jakina, Freire, Mao eta horrelakoen jarraitzaileak baino gehiago demokrazia honen etsaiak, batez ere.

Eta beti izango dira dotrina-emaileak, beren ikasleak maisuaren iritzi eta jokabideetara bildu nahiko dituztenak, maisuaren iritzi bereko egin nahiko dituztenak, maisuaren uste, iritzi eta jokabideen arabera eskolatzen saiatuko direnak.

Baina horrelakoak asko bakandu dira, nik uste.

Eta Alfebetatze Euskalduntze Koordinakundea ere oharturik da bere eginkizuna euskara irakastea dela, ez gustokoak ez diren erakundeak eta egiturak astintzea.

AEK ere oharturik da euskara guztiona dela eta guztiok behar gaituela.

Badakigu, jakina, batzuek lehengo lepotik dutela burua: euskara borrokarako tresnatzat erabiltzen dutela.

Gehienek, ordea, euskara irakastea dute helburu.

Eta eztabaidagarriak eta eskandalagarriak gerta daitezkeen jokabideak ohiturak eta xanokeriak eraginda gertatzen dira askotan.

Baina bada zuhurrak eta kontuzkoak izaten ikasteko garaia.

Bada zenbait materiale aztertzeko garaia.

Bestela gure xanokeriak, ergelkeriak eta kirtenkeriak etxe-kalte bihurtuko dizkigute, putreak bezala zain dauden horiek.

Euskararen irakaskuntzan ezin daitezke zenbait jolas eta adibide erabili, beste hizkuntzen irakaskuntzan erabiltzen omen direla eta.

UAk mesede egin dio Olentzerori. Istiluekin lotzeak kalte egiten dio euskarari.

M. Atxaga

UA alderdiak mesede egin dio Olentzerori. Istiluekin lotzeak kalte euskarari